Teknologia gure bizitzan funtsezko elementua da. Gero eta gehiago taxutu edo konfiguratzen gara sistema soziotekniko gisa, non gure arteko harreman guztiak teknologikoki neurtuta dauden. Teknologiarekin elkarrekintza fisiko, kognitibo eta emozionala mantentzen dugu, sare sozialetako gure jarduerak erakusten duen bezala. Are gehiago, teknologia batzuk gizakien eta tresnen arteko mugak lausotzen ari dira, nolabaiteko sinbiosi eta ko-eboluzio edo baterako bilakaeran. Laugarren industria-iraultza edo 4.0 iraultza deiturikoak garapen zientifiko eta ekonomikorako, berrikuntzarako eta erabakiak hartzen hobetzeko aukera handiak eskaintzen ditu. Eta hamaika galdera eta arrisku ere zabaltzen dizkigu.

Teknologiak, objektuak eraldatzeaz gain, azturak, ohiturak edo harremanak ere eraldatzen ditu, sistemak, sozial, ekonomiko edo naturalak, aldatuz. Eraldaketa hori oso azkar garatzen da, eta aldaketa sozioekonomiko eta biofisiko sakonak eragiten ditu, “gizakien aro berri” edo Antropozeno deitzen den horretan. Testuinguru horri “zientzia post-normala” deitzen zaio, eta gertakariei buruzko ziurgabetasuna, eztabaidagai diren balioak, erronka itzelak (egungo pandemia edo klima-aldaketa bezalako arrisku sistemikoak) eta premiazko neurriak hartzeko beharra ditu ezaugarri. Horregatik, teknologiak eztabaida etikoa, deliberazio publikoa, gardentasuna eta politikak eskatzen ditu; hau da, gobernantza ona behar du.

Nola lerrokatu berrikuntza teknologikoa gizartearen balio, premia eta itxaropenekin? Posible al da herritarren ahalduntze teknologikoa? Nola eragingo dio teknologiak lanaren etorkizunari? Zer elementu behar dira teknologiarekiko konfiantza, onarpena eta jabetze soziala bultzatzeko? Nola lagundu dezake teknologiak guztion onerako eta, zehazki, garapen jasangarriaren helburuetarako? Beharrezkoa al da itun tekno-sozial berri bat erabiltzaile, enpresa eta erakundeen artean? Garatu al daitezke teknologia irekiak, erabilerrazak, kontrolagarriak eta jasangarriak? Posible al da bakartzen ez duten eta gizarte-konexioan laguntzen duten ingurune teknologiko atseginak sortzea?

Galdera horien eta beste batzuen inguruan Izango da gure hurrengo “Eta orain, zer” elkarrizketa. Arantxa Renteria, Jesus Salgado eta Txetxu Ausinekin hitz egingo dugu pertsonengan ardazturiko teknologia inklusibo eta sozialki arduratsuaren ideiaz. Denok gaude gizarte bidezkoago bati buruzko eztabaida publiko honetara deituta, non gizakien eta tresna teknologikoen arteko bizikidetza jada ohikoena den gure eguneroko bizitzan.