“Eta orain, zer” ekimenaren lehen zatia amaitzeko hiru ardatz izango dituen zortzigarren saio bat egingo da: orain arte planteatutakoaren laburpena, ekimenaren bigarren zatian zehatzago jorratuko diren eztabaida sozialak eta Gipuzkoako testuinguruari eta haren eragile publiko naiz pribatuek gogoeta guzti horien lehen destilatua nola aplikatu ahal luketen izango dira hizpide.
Lehenengo puntuari dagokionez, ekimenaren lehen saioetan Covid-19ren inpaktua eta haren ondorioak hainbat ikuspegitatik aztertu ditugu: klima-larrialdia, zaintza-ereduak, diziplina arteko ikerketa, oreka geopolitikoak eta kultura-kudeaketa, besteak beste. Saio guztietan azpimarratu diren zeharkako hiru ideia laburbildu beharko bagenitu, saio honetan UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Globernanceko idazkari nagusia den Juanjo Álvarez irakasleak azalduko dituen hiru azpimarratuko genituzke. Lehenik eta behin, egoeraren konplexutasuna (hau da, haren eragina eta bilakaera baldintzatzen duten faktore eta interakzio ugariak) onartzearen garrantzia, batez ere krisiaren izaera globalagatik, eta, ondorioz, erabakiak hartzen parte hartzen duten eragileek (i.e. ordezkari politikoak, komunitate zientifikoa edo gizarte zibileko erakundeak, eta parte hartze hain aktiboa duten herritarrak) erabaki hauetan asmatzeko dituzten zailtasunak. Bigarrenik, krisi honen ondorioek gure gizarteek aurrez aurre zituzten arriskuak (e.g. 2008ko krisiaz geroztik izan diren desberdintasunen hazkundea, larrialdi klimatikoa edo Europako demokraziak kolokan jarri dituzten nazional-populismoa edo desafekzioa bezalako fenomenoen gorakada) baztertuko ez dituztela aitortzea. Izan ere, Covid-19aren krisiak potentzial bikoitza du: arazo horiek larriagotzea edo horien zuzenketa bizkortzea. Aukera horiek, neurri handi batean, egoeraren diagnostiko ona egiteko dugun gaitasunaren araberakoak izango dira. Hirugarrenik eta azkenik, maila guztietan eta krisiaren kudeaketan inplikatutako eragile guztien artean, lankidetza-dinamikak sustatzearen garrantzia. Beste era batera esanda, krisitik ateratzeko dinamikak kooperatiboak izan beharko direla egiaztatzea.
Hiru puntu horiek aintzakotzat izanda, zortzigarren saio honek pandemiaren ondorengo hiru eztabaida sozial handien sarrera egingo du (aurrerago sakonki jorratzeko itxaropenarekin). Lehenik eta behin, Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak eta ISEAK Fundazioko zuzendariak Covid-19ak enpleguan izango duen eraginaz hitz egingo digu. Hala, besteak beste gai hauek jorratuko ditu: krisiak bereziki eragiten dien sektore jakin batzuk eraldatzeko beharra (turismoa edo automozioa, adibidez), jada aurreikusi dezakegun epe labur eta ertaineko pertsona langabetuen hazkundeak etorkizunean langile prekarioen hazkundea ekar ez dezan bermatzeko neurriak, lan-merkatua berregituratzea erraztu dezaketen tokiko eta erkidegoko lankidetza publiko-pribatuko dinamikak, edo deslokalizazioaren ondorioz funtsezko ongien ekoizpenaren inguruko tentsioak eta gabeziak.
Bigarrenik, Covid-19aren krisiak azken boladan eta datozen hilabeteetan eztabaida sozialaren erdigunean egongo den beste gaia aztertzeko, hezkuntzaren hain zuzen ere, Nélida Zaitegi maistra, pedagogoa eta Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria izango dugu. Saio honetan bereziki kalteturik izan den eta ziurgabetasunez beterik jarraitzen duen hezkuntza bezalako eremu baten inguruan arituko denez, ziurrenik honako gai hauek jorratuko dira: irakaskuntza telematikoak ikasleen prestakuntzan duen eragina, pandemiak eskola-bereizketari dagokionez dituen ondorioak (bereziki, indarrean jarraitzen duen eten digitalaren harira), administrazio publikoek eta ikastetxeetako kudeatzaileek krisiaren eragina arintzeko estrategien diseinuan duten eginkizuna edo egungo egoerak dirauen bitartean sortu daitezkeen heziketa alternatibak, besteak beste. Galdera horiek, gainera, hezkuntzako maila (haurtzaindegietatik unibertsitateetara) eta ereduen (publikoa, itunpekoa) artean banakatu litezke.
Hirugarrenik eta azkenik, Felix Zubia Donostia-Osakidetza Ospitaleko medikuak hartuko du hitza, egungo krisiaren beste protagonista nagusi bat jorratzeko: osasuna. Kasu honetan zalantzarik gabe jorratuko diren gaien artean honako hauek izango dira: berrikuntzan inbertitzearen garrantzia, zientziak osasun-gaiei buruzko eztabaida publikoan duen zeregin nagusia, pandemiatik sortutako dilema bioetiko berriak, baliabideen banaketa egokiago bat sustatzeko beharra, osasuna bezalako funtsezko ondasun publiko baten funtsezko beharrak, prebentzioari begira herritarrak osasun-gaietan heztearen garrantzia edo arreta solik klinikoa zerbitzu soziosanitarioen kalitateari eta, azken finean, erabiltzaileen ongizateari laguntzen dioten beste faktore batzuekin osatu nahi duten paradigma berrien inguruko gogoeta.
Zortzigarren saioa amaitzeko, Xabier Barandiaran, GFAko estrategia eta ikasketa arduraduna eta Deusto Unibertsitateko irakaslea; eta Iñigo Ucín, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Itziar Alkorta, Uda Ikastaroen Fundazioko zuzendariak moderaturik, izango dira solasean. Panel horretan, aurreko saioetan eta eztabaidetan jorratutako gai horiek guztiak Gipuzkoara nola eraman ahalko liratekeen planteatuko dute. Gainera, herritarrekin batera Covid-19aren krisiari aurre egiteko estrategiak diseinatzeko ezinbesteko eragile gisa, administrazioaren eta enpresaren arteko ikuspegi partekatua gidatu beharko luketen ardatzak landuko dituzte. Saioaren amaieran, “Eta orain, zer” ekimenaren hurrengo urratsak aurkeztuko dira, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia den Ander Aizpuruaren eskutik. Uda baino lehen azken gogoeta hau partekatzeko zuek guztion laguntza izango dugulakoan, asteazkenean ikusiko dugu elkar!