Pacto Pro Data Gipuzkoa Ituna
Ituna sinatu

Hamar gogoeta datuen erabilera etikoa eta sozialki arduratsua sustatzeko

Atarikoa

Digitalizazioa eta horri lotutako prozesu teknologikoak, hala nola datuen erabilera eta berrerabilera, egundoko iraultza ekonomiko eta sozial gisa hartzen dira, Laugarren Iraultza industriala deritzona. Hori jada bereziki garrantzitsua da, adibidez, gizarte-intereseko eremuetan, hala nola osasunean, hor adimen artifizialak eta datuen zientziak aukera ematen baitute epidemien hedapena iragartzeko, sendagaietan bigarren mailako edo albo-ondorioak aurkitzeko, ingurumen-kutsaduraren aurkako neurriak ezartzeko, etab. Digitalizazioaren bidez, orain askoz eskala zabalagoan atzeman eta kalkula ditzakegu existentziaren alderdi fisikoak eta ukiezinak, eta horien gainean jardun dezakegu. Gainera, beste iraultza batzuetan gertatu den bezala, digitalizazioari lotutako automatizazioak gizakia zeregin arriskutsu edo alienatzaileetatik askatu ahal izango du. Eraldaketa digitalaren ekonomiak gauzak ikusteko eta egiteko ditugun moduak alda ditzake, eta ekintzailetza-eredu berriak sor ditzake, esate baterako berrikuntza lankidetzaren bidez (adimen kolektiboa eta esperimentazio irekia), eta gizarte-aktibismorako aukera berriak. Era berean, datuetan oinarritutako politika publikoek hain espekulatiboak ez diren erabaki-ereduei lagunduko diete, arriskuak eta ziurgabetasunak murrizten.

Gaur egungo pandemiak digitalizazioaren eta datuen garrantzia nabarmendu ditu era guztietako erronka eta arazoei aurre egiteko, ez bakarrik osasun publikoari dagokionez, baita lanari, administrazio-kudeaketari, gizarte-politikei eta herritarren parte-hartzeari dagokienez ere.

Dekalogo

 

01. Gizarte-pedagogia

Gizartean (herritar, enpresa, instituzio eta erakundeen artean) ezjakintasun handia dago datuen erabilera, horien aukera edo ahalbide, balizko onura eta arriskuei buruz. 

 

02. Pertzepzioa aldatu

Ezjakintasunak datuen zientziaren pertzepzio desitxuratua dakar, eta gehiegizko beldurra sortzen du datuen kudeaketa publikoaren aurrean eta, aldi berean, oinarririk gabeko lasaitasuna benetako arriskua duten egoeren aurrean, adibidez, datu pertsonalen kopuru itzelak korporazio teknologiko handiei oharkabean lagatzearen aurrean.

 

03. Datuen balioa

Ez da sozialki hautematen datuak erabili, partekatu eta berrerabiltzeak eskaintzen duen balio-kate garrantzitsua, politika publiko aurreratzaile, zerbitzu, jarduera ekonomiko eta salaketa sozialeko ekintzak sortzeko, hainbat mailatan: makroan (instituzioak eta administrazioak), erdikoan (erakundeak eta enpresak), mikroan (elkarteak eta pertsonak). 

 

04. Datuak hor daude

Dagoeneko, gizabanako, erakunde, instituzio eta zerbitzuek sortutako datu-kopuru itzela dago, baina ez dago elkar eragingarritasun eta aprobetxamendurako azpiegitura eta dinamikarik. Datu horietako gehienak ez dira pertsonalak, edo behar bezala anonimotuta edo pseudoanonimotuta daude, eta ez dute, beraz, arazorik sortzen pribatutasunari dagokionez.

 

05. Proaktiboak izatea

Datu-zientziari buruzko politikek izaera erreaktibo eta defentsibo handia izan dute, mesfidantzan eta beldurrean oinarrituta. Paradigma hori gainditu eta datu-zientziaren eredu propositibo batera igaro behar da. Eredu horretan, administrazioek eginkizun proaktiboa hartu behar dute, datuen erabilera eta berrerabilera errazteko, eskakizun tekniko, etiko eta juridikoak benetan betez.

 

06. Ikuspegi multidiziplinarra

Datuen analitika ez da soilik alderdi teknikoetara, zientziari eta teknologiari dagozkienetara, mugatzen, baizik eta ezinbestean eskatzen du filosofia, gizarte-lan, zuzenbide, genero-ikuspegi, aniztasun funtzional, kudeaketa publiko eta gizarte zibil antolatuaren laguntza.

 

07. Etika

Datuen erabilera eta berrerabilera pertsonengan zentratuko da, eta konfiantza soziala sortuko du, baldin eta funtsezko 5 printzipio etikori erantzuten badie:

  • Kalteak minimizatzea (segurtasuna eta babesa), onurak maximizatuz.
  • Pribatutasuna eta nortasun pertsonala bermatzea.
  • Inklusioa eta justizia (ekitatea) sustatzea, alborapenak saihestuz.
  • Sistemen azalgarritasun edo esplikagarritasuna eta gardentasuna: auditabilitatea eta trazabilitatea.
  • Ingurumena eta etorkizuneko belaunaldiak babestea.

Proposamenak

Aurrekoari erantzuteko, hiru ekintza-konpromiso proposatzen ditugu:

Proposamenak

 

08. Prestakuntza- eta sentsibilizazio-plana

Balio ekonomiko eta soziala sortzeko datuek duten ahalmenari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatuko dute gizartean botere publikoek eta, oro har, instituzio eta beste erakunde batzuek, eta alde horretatik arrakasta-adibideak nabarmenduko dituzte.

Herritarren “ahalduntze teknologikoa” bultzatuko da, datu pertsonalen babesa azpimarratuz eta, aldi berean, datuak behar bezala eta errespetuz tratatzeak ikerketa biomediko, osasun, administrazio-kudeaketa, gizarte-zerbitzu, egoera ahulean dauden kolektiboentzako arreta, garapen ekonomiko eta berrikuntzarako eskaintzen dituen aukerak azpimarratuz; hau da, guztion onerako —hain zuzen ere, datuen erabilera sozialki arduratsu hori legitimatzen duena—. Asmoa da “datuak zaintzea geure burua eta besteak zaintzeko”.

 

09. Aurretiko azterketa eta bermeak ezartzea: Eragin Etikoaren Ebaluazioa

Datuak erabiltzea eta berrerabiltzea eskatzen duen proiektu, zerbitzu edo programa ─publiko, pribatu edo misto─ orok azterketa zorrotza egin beharko du datuen iturrien kalitateari buruz (alborapenak saihesteko) eta datuen tratamendu seguru eta etikoari buruz (diskriminazioak eta bidegabekeriak saihesteko). Haien balio-katea ere zehaztuko da, arreta berezia jarrita beraien gizarte-eragin positiboari eta datu pertsonalen (pribatutasuna) eta kolektibo kalteberen babesari.  Azterketa hori publikoa izango da.

 

10. PRO DATA COMMONS plataforma

Datuetan oinarritutako proiektuak bultzatu, erraztu eta komunikatzeko ─antzeko ekimenekin lankidetzan, adibidez enpresa-arloa bezalako eremuetan─ plataforma bat garatu beharko litzateke instituzioak, erakundeak, ikerketa-zentroak, enpresak eta herritarren erakundeak lotuko lituzkeena. Helburu hauek izango lituzke:

  • “Datuaren ekonomia zirkularra” sustatzea.
  • Datuen erabilera eta berrerabilera erraztea honako hauen bidez: erabilgarri dauden datu-baseen ezagutza, horien elkar eragingarritasuna eta eskuragarritasuna (bermeekin) enpresa, instituzio, erakunde eta, oro har, herritarren aldetik.
  • “Herritarren subiranotasuna” defendatzea datuen gainean.
  • Datu-kooperatibak sustatzea korporazio teknologiko handien ordezko aukera gisa.
  • Aurretiazko berme-azterlanak egiten laguntzea.
  • Datuetan oinarritutako proiektuen transferentzia sozial eta zabalkundean laguntzea.

Pro Data Gipuzkoa

Ituna sinatu du

Pro Data Gipuzkoa Ituna sinatu du - Firma el Pacto Pro Data Gipuzkoa

Kutxa Fundazioak bultzatutako “Eta orain, zer” ekimenaren esparruan egindako “Guztion ongirako Big Data” komunitatearen lanaren emaitza da prototipo hau.