Etorkizuna eta ezagutza. Krisi honetan zehar eztabaida publikoa, lagunen eta senideen arteko elkarrizketa birtualak, komunikabideak eta, jakina, ekimen hau etengabe baldintzatzen ari diren bi kontzeptu. Izan ere, krisi baten tamaina eta berehalako eragina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta premia handiagoa dugu, gizabanako eta gizarte gisa, bizi dugun egoeraren xehetasunak ezagutu eta ondorioak aurreikusteko. Zeregin horretan zientziaren papera ezinbestekoa da, argi eta garbi. Komunitate zientifikoari ez dagokio etorkizun hori osatuko duten erabaki politikoak hartzea, baina bere ekarpena funtsezkoa da erabaki horiek ebidentzian oinarrituak direla ziurtatzeko. Ekarpen hori nola antolatu beharko genukeen hausnartu genuen joan den asteazkenean, apirilaren 29an, Kutxa Fundazioak Globernance-rekin elkarlanean antolatzen duen ‘Eta Orain, Zer’ ekimenaren bigarren saioan. Gemma Marfany eta Juan Ignacio Pérez Iglesias izan ziren hizlariak Txetxu Ausin-ek moderatu zuen elkarrizketan.

Elkarrizketan honako gai hauei buruzko hausnarketak entzun ahal izan genituen: zientzialarien eta adituen arteko bereizketa, txertoen garrantzia, esparru supranazionalean lankidetzarako instantzien funtzioa eta esangura, ezagutza zientifikoaren garapena baldintzatzen duten interesen kudeaketa, zientzia aurrerapenen eta zientzia fikzioaren espekulazioaren arteko lotura edo sistema zientifikoen eta gainerako sistemen (politikoa, juridikoa, ekonomikoa, kulturala) arteko lotura. Guztiek ‘Eta Orain, Zer’ ekimena bera definitzen duen premisa bat aipatu zuten: aurre egin behar diogun fenomenoaren konplexutasuna onartzearen garrantzia. Hau da, diagnostiko on bat eta horren ondoriozko ekintza-plan bat egiteko, fenomeno horrek elkarri lotutako hainbat faktoreri eragiten diela onartu behar dela. Ikuspegi bakar batetik konpondu nahi izateak frustrazioa sortuko du kasurik onenean. Konplexutasun horrek, elkarrizketan adierazi zen moduan, zientzia gehiago eta hobea eskatuko du. Helburu hori lortzeko hiru gako proposatu ziren.

Lehenik eta behin, ezagutza zientifikoa ziurgabetasunez eta zalantzaz gabetuta ez dagoela onartzea funtsezkoa da. Egoeraren larritasunak berehalako konponbideak behar izan ditzakeen arren, aurrerapen zientifikoak bere metodologiaren berezko tempo, dinamika eta prozesu batzuen mende daude, eta horiek ez dute zertan premia horrekin bat etorri behar. Era berean, ziurgabetasun horrek, erantzun guztiak ez dauzkagula onartzeaz gain, akatsak egitearen aukera, errakuntza, ere onartzen dela esan nahi du. Hutseginkortasun zientifikoa da, hain zuzen ere, sistema zientifiko sendoagoak eraikitzen jarraitzea ezinbestekoa egiten duena: asmatze ororen aurretik hainbat eta hainbat akats daude, eta, gainera, metodo zientifikoak berak ahalbidetzen du akats horiek identifikatzea, berrestea eta gainditzea. Helburu horrek sistema zientifiko horiek jarduten duten gizarteak berak bere barne-logika ulertzea eta, ondorioz, bere itxaropenak doitzea eskatzen du.

Zientziak aurrera egin dezan, elkarrizketan planteatu zen bigarren elementua ezagutza zientifikoa gure kulturaren funtsezko elementu gisa balioestearen garrantzia izan zen. Eremu horretan, hedapen zientifikoak garrantzi berezia hartzen du kulturizazio zientifiko hori zabaltzeko. Zeregin horrek ez die herritar guztiei bakarrik eragiten, haiek izango baitira, eguneroko jardunean, kultura zientifiko hori garatuko dutenak. Sistema zientifikoek sortutako ezagutza horren hedapenaz eta, batez ere, interpretazioaz arduratzen diren instantziek eragiten die ere. Hala, ba, komunikabideek eta eragile politikoek funtsezko zeregina dute esparru horretan, beren diskurtsoen helmenagatik eta kultura-eraldaketako prozesuetan eragiteko duten gaitasunagatik. Era berean, jakintza zientifikoa hedatzeko eta aitortzeko lan horrekin batera baliabide-hornidura bat egon behar da, aurrerapena bermatzeko (egungo prekarietate-egoeraren aurrean) eta dagokion prestigio soziala islatzeko. Baliabide horiek, gainera, ezagutza zientifikoa komunitate zientifikoaren barruan zein kanpoan hedatzeko aukera emango dute. Elementu hori gabe, nekez finkatuko da kalitatezko kultura zientifikoa.

Azkenik, ikaskuntza kolektiboaren garrantzia planteatu zen zientzia gehiago eta hobea izateko ezinbesteko elementutzat. Bileran bertan, modu organikoan, elkarrizketan parte hartu zutenek planteatutako ekarpenen kopurua kontuan hartuta, elementu horrek indar ezin hobea hartu zuen. Gaur egun bizi dugun konplexutasun-mailarekin krisiari aurre egiteko espezializazio tekniko handia behar izateak ez du aurrerapen zientifikoa espezialista horietara mugatuta dagoenik esan nahi. Era berean, jada igaro ditugun krisialdi batzuk gero eta hobeto gainditzeko aukera eman digute. Zentzu horretan, murgilduta gauden krisitik ateratzeko modua baldintzatuko duen ikaskuntza nahitaez partekatua izan beharko dela ikasi dugu. Lehenik eta behin, komunitate zientifikoaren eta herritar guztien artean. Baina baita komunitate zientifikoaren baitan ere. Izan ere, saioan jorratu zen bezala, fenomenoaren izaera multidiziplinarra aitortzea (hau da, ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko beharra) ez da nahikoa. Halaber, diziplinarteko konponbideak (hau da, hainbat diziplinatako pertsonek osatutakoak) antolatu behar dira ere.

Lehenengo saioaren ondoren, “eta orain, zer?”, “Orain, gu guztiok” esanez hitza hartzera animatu nahi zintuztegun. Gonbidapen horrek, hausnarketarako eta elkarrizketarako lehen eremu honetan ikusi dugun gisa, garrantzi berezia hartzen du aurrerapen zientifikoaren arloan. Ziur gaude hori dela koronabirusaren ondoren mundu hobea eraikitzen saiatzeko biderik onena. Datorren asteazkenean, maiatzaren 6an, 18:00etan, ‘Pandemiaren aztarna sozialei’ buruz hitz egiten jarraituko dugu. Bertan topatzea espero dugu!