Kulturarena ez da kontzeptu unibokoa: batzuek artearekin, literaturarekin edo pentsamenduarekin lotzen dute, besteek gizatalde baten izaeraren eta orientazioaren ezaugarriekin lotzen dute gehiago, baina badira ere ikuspegi zabalago bati eusten diotenak: zientzia eta teknologia, kirola, erlijioa, folklorea edo joera politikoak bezalako gaiak bilduko lituzkeen kultura kontzeptu bat erabiliz, alegia. Edonola ere, adostu genezake gizakiok harremanetan bizi eta garatzen garen heinean eta elkarrekintza horietan kulturaren osagaitzat jo genitzakeen elementuak sortzen ditugun neurrian, izaki kulturalak garela. Hau da, kultura gure gizateriaren funtsezko dimentsioa bat dela. Hain zuzen ere, horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa Covid-19aren krisiak kulturan izango duen eraginari heltzea.
Bi zentzutan behintzat bada. Lehenik eta behin, beste hainbeste instantzia sozialei gertatu gisa, pandemia geldiarazteko hartu behar izan diren neurriek kulturan eragin dutelako. Bai zentzu negatiboan (itxuraz luzerako mantenduko diren konfinamendu eta distantzia sozial neurriek bereziki eragin diotelako), bai zentzu positiboan ere (izan ere, kulturari bide ematea ahalbidetu duten eremu eta adierazpide berriak sortu dira garai honetan). Bigarrenik, Covid-19ak kulturan duen inpaktuak, aipatutako izaera pasiboaz gain, kulturak izaera aktiboagoa hartzen duen elkarrekiko dimentsio bat duelako ere. Izan ere, kulturek nabarmen baldintzatu dute gizarteek krisiaren aurrean izan duten erantzuna, bai berehalako kudeaketari dagokionez, bai biharamunerako estrategiei buruzko hausnarketari eta erabakiei dagokienez ere.
Hori guztia dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa da Covid-19ak honako gai hauetan izango duen eraginari buruz hausnartzea: erakunde publikoek eta pribatuek kultura sorkuntzan eta -kudeaketan duten rola, kultura sorkuntza eta kudeaketako sistemen iraunkortasun naiz jasangarritasuna, herritarrek kultura-garapenean dugun papera, kulturaren eta eredu ekonomikoaren arteko lotura, kulturen testuinguru eta paper desberdinak, kulturek gizarte-eraldaketako engranaje gisa duten funtzioa, kultura arlo ezberdinek ezagutzaren beste arlo batzuekin duten harremana, kulturek gure gizarteetan duten eragina edo globalizazioak kulturatzat dauzkagun esparruetan izan duen eragina, beste gai askoren artean. Zer esanik ez ustezko “normaltasun berri” baten garaian, kulturak eta bere erakundeek nolabaiteko normaltasun nozio baten erreprodukzio baliabide gisa duten eginkizuna kontutan edukiz.
Gai horiek guztiak eta beste asko jorratzeko, parte-hartzaile birtualez gain, Kutxa Fundazioak Globernance-rekin elkarlanean antolatutako “Eta orain, zer” ekimenaren zazpigarren saioan Santi Eraso, besteak beste Artelekun, DSS2016Eun eta Madrid Destino-n kultura arduradun izana; Claude Bussac, Fabrikako Arte eta Jaialdietako Zuzendari Nagusia; eta Asier Mendizabal, artista; izango ditugu solasean, Edurne Ormazabal Tabakalerako Zuzendari Nagusiak moderatuak. Hau da, euren ibilbide eta esperientzia profesional arrakastatsuekin egungo krisialdi egoeran kultura bezalako tresna ezinbestekoago baten gakoak identifikatu eta aztertzen lagunduko diguten hizlari talde paregabe bat, hain zuzen ere. Datorren asteazkenean zuek guztiokin bertan topatuko garela espero dugu!