Bigarren saioa: Jakintza adituaren egitekoa (apirilak 29, 18:00-19:00)
Krisialdi honek jakintzaren esparru asko hartzen ditu eraginpean eta oso konplexua da teknikoki; honelako krisialdiaren aurrean, ezinbestean galdetu behar diogu geure buruari jakintza adituak zer egiteko izan behar duen. Hala da krisialdiaren eraginaren hur-hurreko kudeaketari dagokionez, ikusten ari garen moduan, eta hala izango da biharamunaren kudeaketan ere.
Izan ere, fenomeno honek jakintza zientifikoaren askotariko eremuak hartzen baititu eraginpean, hala nola biologia, medikuntza (medikuntzaren alderdi ugari: epidemiologiarekin hasi eta neumologiarekin buka) edo kimika, baita zuzen-zuzeneko eragina jasaten ari diren gizarte-zientzien arloak ere, hala nola zuzenbidea, ekonomia, zientzia politikoa edo soziologia. Dena den, diziplina guztiek ez dute zentzu berean parte hartzen, ezta hein berean eta aldi berean ere. Egia esan, diziplina guztien helburua den arren euren postulatuak ebidentzian, zorroztasun metodologikoan eta hausnarketan oinarrituta planteatzea, askotan, elkarren artean gatazkan eta baita kontraesanean ere erortzen direla ikusten dugu. Hori guztia dela eta, orekak garrantzitsuak bezain lorgaitzak dira.
Bigarren saio honetan, krisialdi-garai honetan tentsio horiek nola planteatzen ari diren aztertzeari ekingo diogu buru-belarri, baita tentsio horiek zer nolako bilakaera izatea espero den ere, epe ertain eta luzean izango dituzten ondorioen kudeaketan. Izan ere, erabakiak herritarren ordezkari politikoek eta erabaki-ahalmena egituratzen den erakundeetan hartzen dituzten arren, egun bizi dugun egoera honetan, inoiz baino gehiago, erabakiak hartzeko prozesuan jakintza aditua txertatu behar baita. Era berean, konplexutasun tekniko handiko testuinguruetan krisi-egoeretan bete behar duen funtsezko eginkizun hori dela eta, jakintza aditua bera eztabaida publikoaren erdigunean egotera behartuta dago. Azken batean, gizartearen, erakundeen eta zientziaren arteko elkarreragina saihetsezina da orain, inoiz baino gehiago, nahiz eta trinomio horren antolamendu optimoa ere, aldi berean, inoiz baino gehiago jartzen ari den zalantzan.
Diziplinen arteko lankidetza beharrezkoa izango al da krisialdi hau kudeatzeko? Erantzuna baiezkoa izanez gero, nola antolatu behar da lankidetza hori? Ebidentzia zientifikoak zeregin garrantzitsuagoa beteko al du erabakiak hartzeko prozesuetan? Zer toki bete behar du gizarte zibilak jakintza zientifikoaren garapenean? Ba al dago jakintza aditu neutro edo eztabaidaezinik? Zer faktorek bultza lezakete ikerkuntza handiagoa eta hobea, ikerkuntzaren emaitzen eragin eraginkorragoarekin batera? Zer nolako eragina izango du egun bizitzen ari garen krisialdiak faktore horietan?
Bigarren saio honetan, galdera horiek eta beste asko landuko ditugu zehazki, eta oraingoan ere jendeak parte hartzeko eta elkarreragiteko aukera izango du; gurekin izango dira Gemma Marfan Bartzelonako Unibertsitateko genetika-irakaslea eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria, eta moderatzailea, berriz, Txetxu Ausín izango da, CSICeko eta Globernance-ko ikertzailea.