I.- Bizitzen ari garen osasun, ekonomia eta gizarte mailako krisi hirukoitzak guztiok interpelatzen gaitu, bai gizabanako gisa, bai sistema edo egitura mailan. Erronka honek akordio handiak, adostasun politiko eta sozial handiak eskatzen ditu, eta eztabaidaren muinean, besteak beste, egungo ongizate-ereduaren eraginkortasun eta iraunkortasuna jartzen du, bai eta ekonomia- eta zerga-politikako formula berriak birpentsatzeko beharra ere, helburu bikoitzari erantzuteko:
- Zuzentasunez eskura edo irispidean izatea aukerak, aberastasunaren sortze eta banaketa; esparru horretan funtsezko eginkizuna du enpresak, baina beste gizarte-eragile batzuek ere bai.
- Publikoagoa den eta administrazioak berritzera interpelatzen dituen dimentsio batetik, gizarte-babeseko politikak zuzentasunezko ikuspegitik indartzeko erronka handia, baita gizarte-babeseko sistema sendoa bermatuko duen zerga-politika eratzeko ere.
II.- Krisi latz honek bere adierazgarririk dramatikoena alderdi sozialean izango du, pertsonen eta familien pobretzea eta bizi-zailtasunak agerian utziko baititu, enplegu eta bizimodu duinarekin etorkizun erosorik antzematera iritsi gabe. Horregatik, eztabaidaren erdigunean jarri behar da gure gizarte-babeseko sistemaren eta bere iraunkortasun-ereduaren irismen eta hedadurari buruzko gaia, funtsezkoa baita ezberdintasuna geldiarazteko eta gure gizartea gehiago eta hobeto kohesionatzeko.
Kontsumo-gizartean eta kapitalismo globalean oinarritutako ekonomia-, gizarte- eta lan-ereduak, zuzentzen eta modulatzen ez bada, gero eta ezberdintasun handiagoa eragingo du. Erronkak bi osagai ditu: ahal den neurrian gizarte-aberastasuna finkatzea eta handitzea; eta, aldi berean, banaketa-mekanismoak eta aukeren eta baliabideen birbanaketa sendotzea eta hobetzea.
III. Nahikoa al da ongizate-estatuaren inertziari eustea, ala erreforma sakon bati ekin behar diogu, eraginkortasun handiagoa eman eta haren iraunkortasuna bermatu ahal izan dezan? Zalantzarik gabe, indartu egin behar da, eta bere helburuen hierarkia errealitate berrira egokitu. Ea belaunaldien arteko erronka handi honen mailan egotea lortzen dugun! Bi lan-ardatz bereiz daitezke: eginkizunak eta ardurak birpentsatzea (erantzunkidetasun publiko-pribatutik), eta estrategiak berriz diseinatzea, ezin baita egon sistema osoa sortzen den aberastasuna banatzeko gaitasunaren mende, aurrebanaketa- eta birbanaketa-politikak ere txertatu behar dira.
IV.- Zer eredu aldarrikatu eta sakondu liteke? Enpresa-dimentsioa kapital eta lanaren batuketa huts gisa gainditzea, eta enpresa proiektu batek elkartutako pertsona-multzo gisa ikustea, hots, elkarrekiko konfiantzan oinarritutako enpresa-kultura berri bat.
Lehiakortasun jasangarriaren kontzeptua azaleratu eta finkatu behar da, enpresaren jokabide- eta jarduera-parametro batzuen definizioan zehaztuta: besteak beste, soldata-zuzentasuna, enpleguari eustea, enpresa-jarduerako zentroak kokatzeko politika, edo ingurumen-iraunkortasuna izan behar dituzte, alderdi teknologikoaz eta bere gizarte-proiekzioaz gain. Proposatutako iraunkortasun-erronkak hertsiki finantzarioak diren parametro horiek gainditzea eskatzen du, elkartasunean eta gizarte gisa dugun etorkizunaren ikuspegi partekatuan oinarritutako gizarte-aberastasunari lotutako balioak lehenesten dituzten beste batzuk kontuan hartzeko.
V.- Zein eredu aldarrikatu eta sakondu behar dugu XXI. mendean? Enpresa-dimentsioa kapital- eta lan-batuketa huts gisa gainditzea, enpresa proiektu baten inguruan elkartutako pertsona-multzo gisa hartuta, hau da, elkarrekiko konfiantzan oinarritutako enpresa-kultura berri bat. Gaitasun teknikoa duten enpresak eta pertsonak behar ditugu, etika, ahalegina, elkartasuna, gardentasuna, erantzukizuna, ezagutza, konpromisoa, elkarrekiko errespetua eta konfiantza bezalako balioekin konprometituta daudenak.
Enpresa-jardueran sortutako balio erantsiaren banaketari lotutako gai horiei eta beste batzuei buruz hitz egingo dugu, eta erronka horien guztien inguruan mintzatuko gara Anton Costasekin eta Jon Bilbaorekin, Mariola Urreak moderatuta; egia esan, luxuzko zehar-elkarrizketa, elkartasun, zuzentasun eta gizarte-kohesioaren balioekin konprometitua.