Covid-19ak sortutako krisiak berehalako eragina du osasunean. Baina eragin sozioekonomikoa ere badu, eta horren adierazpena bizitzen ari gara eta, gutxi balitz, elementu guztiek epe ertainean hare gehiago pairatuko dugula adierazten dute ere.
Izan ere, osasun krisiari aurre egiteko hartu behar izan diren neurriek gizarteko sektore eta geruza askotan izan dute eragina: jada 2008ko krisiari emandako erantzunaren ondoriozko ezegonkortasuna jasaten ari ziren pertsonak, birusaren ondorioz beren eguneroko bizitza erabat aldaturik ikusi duten adineko pertsonak edo unibertsitate-eskola sistemako kide diren eta euren prestakuntza bat-batean hankaz gora ikusi duten pertsonak, besteak beste. Eragin horrek gizarte gisa eragiten digu: bai giza banako gisa, bai eta sistema edo egituraren ikuspegitik ere.
Ikusleekin batera guzti honi buruz gogoeta egiteko, Kutxa Fundazioak Globernancerekin lankidetzan antolatutako “Eta orain, zer” ekimenaren hirugarren saio honetan, Borja Barragué, Marga León eta Joseba Zalakain izan genituen solasean, Cristina Astierrek moderatuta.
Publikoaren aipamen naiz galderak pandemiaren gizarte-aztarnen dimentsio horien inguruan aritu ziren: pertsona ardatz daukaten adinekoen zaintza eta osasun eredu berriak, herritar guztiek bizimodu duina izateko beharrezko baliabideak izango dituztela bermatzeko mekanismoak, Europar Batasunak krisiaren ondorio sozioekonomikoen kudeaketan duen zeregina, paradisu fiskalak izateak ongizate-estatuaren erakundeei eusteko beharrezko baliabideak bermatzeko dakartzan arazoak, edo krisi honek genero desberdintasunetan izango duen eragin espezifikoa, beste askoren artean.
Gai horietan guztietan, solaskideek, bai eta publikoak ere, gizarte-itun berri bat artikulatzeko beharra planteatu zuten. Itun honek, Covid-19aren krisiaren ondorengo gertuko egoerara egokitzeaz gain, globalizazio-prozesu gero eta bizkorragoen ondorioz, ongizate-estatuari hura sortzea eta iraunaraztea ekarri zuten ondasun komunak bermatzeko mekanismo berriak bilatzera behartzen dituen aldaketa ugari ere egin zitezen beharko luke.
Elkarrizketan aipatu zenaren arabera, itun sozial berri horri buruzko eztabaida planteatzen denean kontutan eduki beharko diren hiru elementu nagusi nabarmendu genitzake.
Lehenik eta behin, egungo krisiak eragingo dituen ondorio sozioekonomikoak garrantzitsuak izango diren arren, 2008ko krisian sortutako desberdintasun-maila handiengatik markatuta zegoen testuinguru batean eragingo dutela onartzearen garrantzia. Krisi haren ondorio ekonomikoak 2015etik aurrera bere onera itzuli ahal izan ziren arren, ondorio sakonak utzi zituen gizartean: prekarietatea, ziurgabetasuna, bazterketa eta, muturreko bertsioan, pobrezia.
Alde horretatik, koronabirusaren krisiak birusak herritar guztiei eragiten badie ere, herritar horietan daukan eragina gizartea bera bezain desberdina dela agerian utziko du. Egoera hori larriagotu egin liteke. Horrela, osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurriek eragindako ondorio zuzenak arintzeaz gain, ondorengo kudeaketak hasierako desberdintasun horiek ezagutu eta onartu beharko ditu, arazo sozioekonomiko osoari heldu nahi badio behintzat.
Egiaztapen horrek, hain zuzen ere, elkarrizketan nabarmendu zen bigarren elementua hartu zuen gizarte-itun berri baterako abiapuntu gisa: krisi hori ongizate-estatua erreformatzeko edo eraldatzeko aukera-leihoa ote den eztabaidatzea, hain zuzen ere. Eztabaida horrek, gainera, funtsezko zenbait gairi eragiten die, hala nola lankidetza publiko-pribatuari, gizarte zibilaren eta Europar Batasuneko estrategien eginkizunari edo ongizate-estatu horren iraunkortasuna bultzatzen duten birbanaketa naiz aldez aurretiko banaketari.
Behin betiko erantzunik antolatu ez zen arren, epe laburrean hartu beharreko neurrien helburua, ahal den neurrian, bizi dugun egoeraren ondorio larrienak arintzea izango dela azpimarratu zen. Hori horrela izanik, egiturazko erreformek edo eraldaketek eragin mailakatuagoa dutenez eta egonkortasun handiagoa izan behar dutenez, agian egungo larrialdi-egoera gainditu ondoren ekin beharko zaiela aipatu zen.
Azkenik, eta nolanahi ere, pandemiaren gizarte-aztarna arintzeko beharrezkoak diren erreforma edo eraldaketa horiek zuzenean baldintzatuko dituen gai bat aipatu zen: belaunaldien arteko justiziaren ikuspegitik planteatzearen garrantzia. Hau da, genero gaiarekin eta gure gizarteak egituratzen dituen zaintza ereduarekin batera, 2008ko krisiaren ondorioak pairatzen dituzten sektore ahulenak haurrak/gazteak eta adinekoak direla onartzea. Bi sektore horiek, gainera, nahitaez kontrajarritzat jotzen dira (kolektibo baten interesak beste kolektiboarenekiko baztertzaileak balira bezala), konponbide integralak lortzeko aukera zailduz.
Belaunaldien arteko justiziaren ikuspegiak talde berean (gazteak, adineko pertsonak, etab.) ekitate-irizpideak aplikatzea nahikoa ez dela onartu eta bereziki taldeen artean ekin behar dela onartzera bultzatzen du. Bestela, zaurgarritasun hori areagotu egingo da, oparotasuna zaildu eta krisiaren eragin sozioekonomikoa okertuz.
Hainbeste eztabaida behar duten gai horiek guztiak “Eta Orain, Zer” ekimenaren hurrengo saioetan garapen berriak izango dituzte: lan-merkatutik hasita, generoaren dimentsiotik pasata, ikuspegi makroekonomikoeneraino. Horietan guztietan, hala ere, gizarte-itun berri baterako beharrezkoak diren adostasunak lantzeko aipatutako hiru baldintzek garrantzi handia izango dute, zalantzarik gabe: abiapuntua jada desorekatua dela onartzea, epe luzeko egitura ikuspegia barneratzea eta belaunaldien arteko justiziaren garrantzia aitortzea, hain zuzen ere.
Hauetan sakondu bitartean, eztabaida hauekin lotura instrumental zuzena duen gai bati ekingo diogu ondorengo saioan: big-data eta gizarte kontrola, alegia. Honenbestez, datorren asteazkenean, maiatzak 13, 18:00etan horretaz hitz egiteko elkartuko gara.