Beldurra, ziurgabetasuna, zalantzak, ezinegona, segurtasunik eza… eta, batik bat, galderak. Galdera asko. Horrelaxe gaude herritar gehienok krisialdiko egun hauetan, koronabirusaren krisialdia esaten zaion honen aurrean. Bai krisialdiaren berehalako eraginagatik, bai epe motz, ertain eta luzean izango dituen ondorioengatik.

Hain zuzen ere, horrexegatik, Kutxa Fundazioak Globernance-rekin batera antolatu duen ‘Eta Orain Zer?’ hitzaldi-zikloa bat egiteko, hausnartzeko eta eraldaketa kolektiborako gunetzat proposatzen da. Lehengo asteazkenean, apirilak 22, hasi zen zikloa, 18:00etan, antolakuntza-batzordeko kideen sarrerako solasaldi batekin; hona hemen partaideak: Daniel Innerarity, Cristina Monge, Juanjo Álvarez eta Ander Errasti; azken hori moderatzaile izan zen oraingoan. 

Solasaldian askotariko kontuak aipatu ziren, desberdinak eta funtsezkoak, aldi berean, hala nola kalteberatasuna eta kalteberatasunaren izaera saihestezina, globalizazioaren modalitateak, kudeaketa politikoaren maila guztien –tokikotik nazioz gaindikora bitarte– arteko lankidetza optimizatuko duten gobernantza-ereduen beharra, edo krisialdi honen dimentsio-aniztasuna eta poliedrikotasuna, askotariko eremuak hartzen baititu eraginpean, hala nola larrialdi klimatikoa, lan-eskubideak, digitalizazioa edo genero-berdintasuna. Solasaldian, nolanahi ere, hiru planteamendu nagusi nabarmendu ziren, eta ziklo osoan landuko ditugu hirurak.

Lehenik, aurreikuspenak egiteko gure ahalmenaren mugak onartzea oso garrantzitsua dela konplexutasun, aldakortasun eta abiadura biziko testuinguruetan. Bizitzen ari garen krisialdi latz honek geure buruari inoiz baino galdera gehiago eginarazten dizkigun arren, zerbaitengatik da inoiz baino garrantzitsuagoa geure hutseginkortasuna onartzea eta zuhurtzia eta neurria sustatzea azterketetan.

Bestela, krisialdiaren aurretik lehendik aldarrikatzen genituen diagnostiko eta soluzioetan ainguratuta geratzeko arriskuan egoteaz gain, itxaropen handiegiak sorraraz ditzakegu eta horrek guztiak hausnarketa publikoa eta erabakiak hartzea eragotz diezaguke.

Bigarrenik, iraganeko krisialdietan egindako akatsetatik ikasi egin behar dela, bereziki, azken finantza-krisialdiari dagokionez. Izan ere, krisi haren jatorria oso bestelakoa izan arren, askotariko eragina izan baitzuen: ekonomian, politikan, kulturan eta balioetan.

Gaur egungo krisialdiaren eragina ere handia izango dela esan daiteke, nahiz eta oraindik ez dakigun zein norabidetan. 2008ko krisialdiaren kudeaketan egindako akatsen ondorioz arazoak sortu ziren, eta gaur egun arazo horiek konpontzen saiatzen ari gara oraindik ere: desberdintasun-maila gero eta handiagoak prekarizazioaren normalizazioarekin batera, gaitzuste edo desafekzio politikoaren gorakada eta erakundeekiko mesfidantza, edo politikaren alderdi teknokratikoaren eta alderdi herrikoiaren arteko desoreka orokortua, besteak beste. Krisi honen eta krisiaren ondorioen kudeaketan funtsezkoa izango da desoreka potentzial horiek onartzea eta, saihesteko ez bada, gutxienez leuntzeko neurriak hartzea.

Hirugarren eta azken planteamendua oreka lortzearekin lotutakoa izan zen; alde batetik, gizarte zibil antolatu eta kohesionatu baten eta, bestetik, erakunde-esparru jakin baten arteko oreka, betiere gizarte zibil horrek krisialdiari aurre egin ahal izateko baldintzak sortuko dituen erakunde-esparrua izanik.

Izan ere, tentazio autoritarioak elikatuta, eraginkortasun eta legitimitate demokratikoaren arteko gezurrezko dikotomia gailentzen ari dela konturatzen ari gara, eta kezkatuta gaude; horregatik, orain inoiz baino beharrezkoagoa da sistema demokratikoen inteligentzia aldarrikatzea. Inteligentzia horrek dinamika horizontalak eskatzen ditu, boterearen banaketa heterarkikoa eskatzen du, eragile publiko-pribatuen arteko lankidetza, herritar guztien ongizatea eta aukera-berdintasuna bermatuko duen zerbitzu-egitura bat eta, batik bat, eskubideen eta askatasunen esparru jakin bat, berrikuntza eta ahalduntzea ez ezik, krisialdi honi alderdi nagusiki kolektiboan aurre egiteko beharrezkoa den kohesioa ere bultzatuko duten gizarte zibilaren ekimenak garatzeko eta sendotzeko aukera emango duena.

Zeren, azken batean, krisialdi hau zerbaitekin lotzen baldin badugu, argi eta garbi, guztion ongiaren ideiarekin baita. Guztion ongi hori lortzeko, ezinbestean, herritar guztiek parte hartu beharko dute zehazteko garaian, sustatzeko garaian eta, krisialdiaren norainokoa aintzat hartuta, babesteko garaian.

Solasaldien ziklo honek eta zikloarekin lortu nahi dugun eraldaketa komunitarioko dinamikak sustatuko ahal du lankidetzan, espiritu kritikoan eta zuhurtzian oinarritutako kultura, guztion ongi horren alde lan egiteko beharrezkoak diren aldetik. Zeren ‘eta orain zer?’ galderaren aurrean, gauza bakarra baitakigu ziur: orain, gu guztiok. Datorren apirilaren 29an zuen zain egongo gara, asteazkenarekin, 18:00etan, solasean jarraitzeko.