COVID-19 pandemiak eragindako konfinamenduak gure eguneroko jarduera gehienak Javier Echeverriak “hirugarren ingurunea” deritzon horretara daramatza, teknopertsonen esfera digitalera, alegia. Irakaskuntza linean ematen eta jasotzen ari gara, webinar-ak antolatzen ditugu, eta lagunekin ere epe laburrean aurkitu eta erabiltzen ikasi ditugun plataforma ugarietako baten bidez ikusten gara.

Agian ingurune digitalari, adimen artifizialari, distantzia fisikoa distantzia sozial bihurtzea saihesten duen teknologiaren zereginari eta big data erabiltzeari buruzko eztabaidek horregatik, besteak beste, hartu dute garrantzi berezia. Bereziki azken honek. Izan ere, eztabaida berriak pizteaz gain, askatasuna, pribatutasuna edo kontrol soziala bezalako oinarrizko kontzeptuak eztabaida horren garapenaren mende egongo direlako.

Big datari buruzko elkarrizketa helburu komertzialetarako datu-biltzaile handi gisa erabiltzearen ingurukoa zen pandemiaren aurretik. Kontsumitzaileak datuak sortzeko makina bihurtu ginen, gure nahiak ezagutarazteko (maiz gu geuk ezagutu aurretik ere) adina informazio baliatzeko makinetan, hain zuzen ere.

Hala ere, pandemiaren ondorioz, big dataren dimentsio hori bigarren maila batera pasa da, segurtasunaren eta askatasunaren arteko eztabaida enegarren aldiz azaleratuz (oraingoan ingurune teknologiko batean). Birusaren bilakaera ezagutzeko eta, beraz, haren kudeaketa doitzeko balio dezaketen tresnak gardentasunik gabeko eta edozein irizpide demokratikotatik at dauden kontrol sozialerako mekanismo indartsuak bilakatu dira ere, zalantzarik gabe.

Bestalde, krisiaren dimentsio ekonomikoari erreparatzen badiogu, big data, beste teknologia batzuekin batera, 4.0 industriaren funtsezko faktore gisa agertzen da ere, Alicia Richart-en aburuz krisi hau gainditzeko funtsezko ildo estrategiko bilakatuz.

Big data gizartean kokatu denez eta gure bizitzak gero eta gehiago baldintzatuko dituenez, bere erpin guztiei erreparatu eta gizarte demokratikoago eta libreago baten aliatu bihurtu dadin behar adina ezagutzea komeni zaigu. Horretarako, Javier Echeverría, Jakiunde-ko (Zientzien, Arteen eta Letren Akademia) kidea eta Alicia Richart, DigitalEs-eko (enpresa teknologikoen patronala) zuzendari nagusia “Eta orain, zer” ekimenaren laugarren saiora gonbidatu ditugu. Galdera berriak argitzen lagunduko digutelakoan gaude.