Eta Orain zer ekimenaren lehen etapan izan genituen elkarrizketa guztietan zehar zerbait azaleratu bazen, ezagutza sortzeko, iritzia osatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuak birplanteatzeko beharra izan zen, jorratu nahi diren fenomenoen konplexutasuna onartzeko gai izan daitezen. Horregatik hasi dugu elkarrizketen bigarren zati hau, adimen kolektiboak eta esperimentazio irekiak berrikuntzarako duten ahalmena aztertuz.

Gai horretan aditu nagusietakoak diren bi lagunen ─Carlos Mataix eta Gorka Espiau─ eskutik, bi esperientzia ezagutu ahal izan genituen zehatz-mehatz, esperientzia horietan protagonista izan direlarik eurak, hurrenez hurren. Carlos Mataixek El Día Después (Eta Orain zer-ekin lotutako) ekimenean ikasitakoak partekatu zituen, eta Gorka Espiauk Debagoienean Berrikuntza Plataforma ireki bat abian jartzeko prozesua, Gipuzkoara zabaltzeko asmoa duena, Europako Teknologia Institutuarekin (Klimate-KIC) lankidetzan.

Beraien azterketa, lanketa teorikoaren nahiz hura inplementatu edo ezartzeko esperientziaren emaitza, ezagutu ondoren, halako ekimenek arrakasta izateko faktore kritikoak zein diren diagnostikatu ahal izan genuen. Mataixen hitzetan, “erabateko lankidetzarako guneak, ez transakzionalak bakarrik” sortzea da kontua, irtenbideak asmatzeko gune gisa ulertuta, eta zerbitzu publikorako bokazioarekin. Horretarako, biek azpimarratu zuten arazo konplexuak direla aitortu beharra, eta arrakastaren funtsezko zati bat modu kolektiboan egindako analisian oinarritutako helburu partekatuak lortzeko gai izatearen mende dagoela. Espiauk azpimarratzen zuenez, “entzuteko kanalak” prozesuaren arrakasta eragin dezaketen faktore nagusietako bat bihurtzen dira, eta, horretarako, profesional-mota berri baten lana ere behar da –eta hala eskatu zen–, entzutea errazten duten pertsona adituak, eta gunea mimatzen dutenak konfiantza sortzeko egokia izan dadin. 

Azpimarratutako beste faktore bat eskala da. Erronken dimentsioak eta konplexutasunak anbizioa eta eraldaketarako bokazio sakona eskatzen dituzte, baina nekez lortu ahal izango dira aldaketen dimentsioa handitu ezean. Izan ere, adierazi zen bezala, berrikuntzak transbertsala, alderdi guztiak zeharkatuko dituena, izan behar du, eta gizarte-berrikuntzaren logika ere txertatu behar du, ezinbestean. Anbizio eraldatzailearen azpimarra horrek epe luzeko begirada behar du ezinbestean, eta hori gabe ezin zaie erronkei aurre egin.

Horiek izan ziren identifikatutako arrakasta-faktore kritiko nagusiak, baina arriskuak ere ez ziren falta izan. Bi nabarmendu ziren besteen gainetik: lehenik eta behin, konfiantza eta zintzotasun balioen gabezia. Baldintza horiek bete ezean, adimen kolektiboa ez da sortzen.  Eta, bestetik, azpian neurri batean etengabeko porrota, hobekuntza iraunkorrean lagundu behar duena, beti dagoela ez ulertzeko arriskua. 

Gizarte-berrikuntza eta adimen kolektiboa indarra hartzen ari dira, eta dagoeneko nahikoa ezagutza dugu anbizioa handitzera ausartzeko. Aurrean ditugun erronkek hala eskatzen dute.