Erronka kolektiboak bizi ditugu, eta horiek nekez aurkituko dute erantzunik gizabanakoaren esparrutik. Pandemiak, klima-krisiak, erronka teknologikoak edo desberdintasunaren areagotzeak arazo gisa diharduten espazio kolektiboetan kokatzen gaituzte, eta irtenbidea ere horietan bilatu behar da. 

Horrela egiaztatu da “Eta orain, zer” ekimenetik egin diren elkarrizketetan, alderdi horiek eta beste batzuk jorratuz. Teknologiaren, kulturaren, jasangarritasunaren, gizarte-eskubideen, hezkuntzaren edo osasun demokratikoaren inguruko esku-hartzeek komun izan edo partekatu duten elementu bat, hain zuzen ere, berrikuntza bultzatuko duten espazio eta deliberazio-modu berriak bilatzeko premia izan da. Aski dakigu jabetzeko aurre egin behar diogun erronka bakoitzak ertz ugari dituela, beti agerian ez dauden beste erronka batzuk ere ezkutatzen dituela, eta irtenbide bakoitzak, aldi berean, arazo ugari sor ditzakeela. Gaur egungo erronkak “wicked problems” gisa kalifikatzen dira, arazo bihurriak, alderdi batzuetarako konponbidea izan daitekeena beste batzuen aurka bihur daiteke eta. Hori dela eta, konplexuak dira, eta hala hartu behar dira. 

Diziplinartekotasuna gaindituko duten ekarpenekin, ikuspegi komun eta transdiziplinarra lortzeko. Hainbat sektoretatik datozen pertsonekin, sektore horiek gainditzen dituztelarik sektorez haraindiko ikuspegi bat kolektiboki eraikitzeko. Jakintzak, ikuspegiak, jatorriak eta gizarte-baldintzatzaile asko hibridatzera iritsiko diren elkarrizketak lortzea da helburua. 

Hori dela eta, ikasturtea hasi eta elkarrizketei ekin diegu berriz ere espazioak nola sortu aztertzeko, adimen kolektiboa sustatuko dutenak eta, lehenik eta behin, galdera egokiak eta, ondoren, erantzun optimoak aurkitzen lagunduko dutenak. 

Horretarako, berrikuntza-eredu teorikoak garatzeaz gain, esperimentatu ere egin dituzten bi pertsona izango ditugu lagun, eta, hain zuzen ere, dinamika berritzaileak indartuko dituzten espazioak sortzea posible dela erakusten duten ekimen zehatzak abian jarriz esperimentatu dituzte: Carlos Mataix, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Giza Garapenerako Institutuko (itdUPM) zuzendaria, eta Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies-eko zuzendaria. Biek ala biek esperientziak eta jakintzak partekatuko dituzte, berrikuntzarako espazio horiek sortzen lagunduko digutenak, horrelakoak izatea nahi baitugu orain ibiltzen hasi diren “Eta orain, zer” komunitateak.